XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Marginalia: Totalitarismoaren marjen hutsalak.

Ahalezinezko kritika deritzot hastera noan kritika honi, bada beldur naiz eta Sarrionandiaren liburu honek zapuztu egingo ez ote dituen aurrean ipin genitzaizkiokeen kritika guztiak.

Ze, badirudi, idazleak ezartzen dituen neurri ideologikoegatik batipat, edo eskubiderik gabekoak gerta daitezkela burgesak, sistemaren aldekoak, edo auskalo beste zein kondenazio motatakoak, edota bestela eta kasu honetan haren ideologiarekin bat etorriz gero ahulak, funtsik gabekoak, liburuan azaltzen den experientzia trinkoarekin (eta barka, pertsonalarekin) topatuz gero, farregura sortarazi eta errespeto gabeko ezpalak bilakatuko liratekeela.

Eta arrazoi sakon bat dut nire bi adarreko zalantza hau plazaratzeko, eta hauxe da: liburu hau ez dela saiakera liburu soila, baizik eta bertan gizonaren, hau da idazlearen, nolabaiteko biografia dramatiko eta eredugarria ere ematen zaigula.

Hemen, esaten denak kontrapundu egokia du egiten denarekin, eta batak indartu egiten du bestea, hots, bizi izan direnek errotu egiten dituzte, honela haize bihur ez daitezen, esan egiten direnak; edota, ostera, esandakoaren bikaintasunak gizonaren bizitzan aurkitzen du bere egiatasunaren islada, aspaldiko liburu heroiko guztietan gertatzen zenaren arabera.

Biographia politico-literaria beraz, eta ez literarioa bakarrik Sarrionandiak, antza, horrenbeste maitatzen duen Coleridgeren liburua zen bezala; bada, kritikatzen ari garen liburu honetan oso alde kaxkarra tokatzen zaio literaturari aurrerago ikusiko dugun legez.

Burgesak, sistemaren aldekoak, edo are okerrago izatera konformatu garenez gero eta barka nire kontra-heroea izateko ekite hau, baina honelako liburuek arrisku hauek dakartzate berekin, liburu honetaz idazteak izan ere badezakeen beste arrisku bat gainditzen saiatuko naiz.

Marginalian, ikutu daitezkeen ia gai guztietaz mintzatzen da Sarrionandia, eta hari enziklopediko horri jarraituz gero, beste liburu bat idatzi beharko nuke nire aldetik, harenari erantzuna eman nahi izanez gero.

Nola horren argia ez naizen, liburua egituratzen duten gai nagusietaz arituko naiz, egitura horri hatzeman egin diodalakoaren esperantzan.

Ez naiz, ziur nago horretaz, idazlea bezain didaktikoa izango, ez eta nahi ere, baina didaktismoa eta lehen aipaturiko enziklopedismoa esku beretik doaz liburu honetan, eta helburu garbi baten atzetik gainera, gure kritikan edo ez al gara dagoenezkero hortaz, agian, mintzatu? garbi ikusiko den bezala.

A!, eta garbi ere dago ez naizela nire bizitzaz mintzatuko, beraz pentsa ezazue nitaz zuen humoreak eskeiniko dizuena, eta zaudete nire eta praktika sozialaren artean koerentziarik badagoen ala ez dagoen ausnartzeko, azken hauxe baita liburu honetan gehienetarik hunkitu nauen argudioa (nahiz eta gaztelerazko argucia hobeto egokituko litzaiokeen argudio baino).

Liburuaren 77. orrialdian dator, eta Vargas Llosa, Enzersberger, eta beren pentsamendua aldatu duten gainerakoei buruz ari da idazlea mintzo, noiz pentsamendua aldatzea ondo iruditzen zaiola dioen, baina... arazoa ez omen da pentsamendua aldatzea, baizik eta ea argudioetan engainurik dagoen jakitea omen da... ea bakoitza zeren zerbitzuan dagoen ezagutzea.

Nola, idazlearen eritziz, mundu honetan dagoen guztia bi sistema tan banatzen den, batarekin ez dagoenak ezin bestearekin ere ez dagoela esan, alferrik izango litzaiekeelarik guzti hoiei funtzio kritikoa betetzen dutela uste izatea, ze, jakinaren gainean edo ustekabean, agindupean daude, are okerrago, sistema burgesaren funtzio ornamental bat betetzen omen dute.

Kaka zaharra, beraz, intelektual hoien hitz eta pentsamendua, eztabaidarik minimoena ere mereziko ez dutelarik, gure abadeak demonioaren lausenguak besterik ez direla esan duenez geroztik.

Ez kontutan hartu esan beharko genuke ondorioz hoien hitzak, faltsuak dira eta, gu bide onetik ateratzeko esaten direnak, eta diruari eta ospearen beharrari salduta daudenak!.

Eta guzti honi, asmoak epaitzea baino oskurantismo hutsa deritzogu, ze Octavio Paz, Savater, Vargas Llosa eta gainerakoak oker ibiliko dira agian, baina ez dadukat zergatik pentsatu beharrik zinez ez dabiltzala beren okerbide horretan, batez ere zuzen dabiltzan García Márquez, Graham Greene edo Gunter Grassek haiek bezainbat diru irabazi eta jaso egiten dutela jakinez gero.

Argudioei argudioz erantzun behar zaie eta ez deskalifikazio mixerableak erabiliz.

Diskurtsoa, errealitatea argitzeko ezik, errealitatea maskaratzeko egiten omen da, dio Sarrionandiak Euskal Parlamenduko Lehendakariaren hitzak aipatu ondoren.